_Èuscar

Traducció de Gerardo Markuleta

LITERATURA

Ez dizu musurik eman, eta presaka joan da,
eta etxera iritsi, ordenagailua piztu, eta idatzi du:
ez dizut musurik eman, ez dizut ahoan musurik eman,
eta zer egin behar ote dut nik orain zu ezpainetan maitatzeko gogo honekin.

Literatura egiten du horrekin. Literatura besterik ez.

ZIURTASUNA (Certesa)

Zer esaten ari diren interpretatzen jakitea:
igerileku jendegabe bat hotz egiten duenean;
noria geldi bat edozein astelehenetan,
ez azukre-kotoirik ez neoi-argirik gabe;
edo jada desmuntatu duten zirku haren karpa
–akrobaziarik, trukorik, magiarik ez jada–.

Ulertzea eta onartzea honako hau ere badirela:
egun hutsak, erakarpenik gabeak;
mehatxu egiten duen paisaia ohi ez bezalakoa,
ziklikoki agertzen zaiguna.

Hori jakitea da, aldi berean,
ziurtasuna onartzea zure gorputza
ez dela izango –ezin izango dela izan– gauero
oraingo festa hau.

SARDAKO BALEAK (Balenes franques)

Zeinen ederra baleen jolasa,
espezierik eta hemisferiorik ez zegoen garaian.
Zenbateko konplizitatea itsas azpian,
eztanda hotsa eta harrapakako uxaldia baino lehen;
zergatik jakin gabe, beste ozeano batzuetara
ihes egin eta sakabanatze hura,
izotz kraskatze ulertezin hura baino lehen.
Eta gero sekula ez gehiago denborarik gabeko egunak,
jauzi egitea beste egin beharrik gabe;
eta sekula ez ziren berriz izan olatuak opari,
ezpada distantzien oroigarri,
bestea galdu duenaren min iraunkorra.

Elkar maite zuten, nik badakit elkar maite zutela.
Erraz sumatzen da zure begietan
agurraren mugimendu tektonikoa,
larritasuna piztien begiradan,
zeinen ziren altuak zuk eta biok egiten genituen jauziak.

AZALBERRITZEA (Muda)

Geldiro –baina ez da beste aukerarik– arropa eranzten du.
Zer-nolako zailtasuna alkandorako botoietan, bereak bezalako
hatz dardarati batzuentzat. Eta frakak, frakak
oreka-proba bat dira, egonarri eta duintasun proba,
ezin dut ordena horretan esatea bezala. Esatea bezala, ordena bezala.
Gutiz biluzirik dagoenean, berriz janzten da, errituari berriro ekiten.
Eta hala, eguna amaitu arte; eta berari, egunak, amaitzen ari zaizkio.

Ez du sekula onartuko bakarrik sugeek, azalberritzean,
jaregin ditzaketela ezkatak eta, orain, zauriak.

Anuncis